• Zer dira udaleku feministak?

Uda honetan denbora tarte batez elkarrekin espazio bat partekatzeko proposamena da Udaleku Feministena; espazio horretan une formal zein informalak partekatzea da asmoa.

Heteropatriarkatuak neska gazteon bizitzetan forma konkretu bat hartzen du, gure identitateak eta gorputzak modu berezituan menperatuz. Aspaldiko abesti batek zioen borreroak badituela milaka aurpegi, eta kantu horren doinuekin dantzatuz neska gazteoi zapaltzen gaituen borreroari mozorroa kendu nahi diogu udaleku feminista hauetan.

Zapalkuntza horren aurka borrokatzen dugu eta borrokatzen gara gure egunerokoan, eta udalekuak bide horretan hauspo izan nahi dute: elkarrekin batu, esperientzia zein ikusmoldeak trukatu, ondo pasatu eta tresna berriak sortzeko. Izan ere, Udalekuak eurak espazio aske izango diren heinean borrokarako leku izango dira baina baita tresna berrien kimu ere.

• Non?

Ozaeta, Araba. Ikusi mapa hemen.

• Noiz?

Irailaren 1etik 4ra.

• Norentzat?

Udaleku hauek bakarrik neska gazte eta feministentzat izango dira, izan ere, garrantzitsua iruditzen zaigu bai botere helduaren eta bai botere patriarkalaren  aurrean guretzako segurua izango den espazio bat sortzea. Udalekuak baina ez dira burbuila isolatu bat izango espazioan, modu zuzenean edo zeharka, Euskal Herriko mugimendu feministari ekarpena egiteko asmo baitio.

• Zertarako?

  • Neska gazteok elkar ezagutzeko eta batera hausnartzeko espazio feminista bat sortzea; modu honetan eragile eta norbanakoen saretzea eta aliantza indartuz.
  • Neska gazteon errealitatea ezagutu eta gure zapalkuntzari aurre egiteko tresnen sorrera bultzatu.
  • Neska gazteok emakume feminista gisa ahaluduntzea; modu honetan gure formakuntza eta autoestima indartuz. Hala, gure gorputzen jabe izan eta askatasunez bizituz, dugun potentzial politiko eta pertsonalaz gozatu.
  • Aisialdiaz gozatzea; askotan espazio formaletara lotzen dira gure arteko topaketak baina Udaleku hauetan espazio formalari besteko garrantzia emango diogu espazio informalari, hau da, jaia eta aisialdiariari. Gauzak horrela, kultur mailan emakume feministek egiten dutenari oihartzuna emateko espazio ere izango dira Udalekuak.

• Metodologia:

Formatuari dagokionean, espazio formal eta informalak elkartuko ditu Udalekuak. Hau da, ez da 24 orduko egitarau zehaztu bat izango, eta autogestioari zein denbora libreak lekua izango dute.

Badakigulako neska gazteok eragiteko, antolatzeko eta sortzeko gaitasun handia dugula, udaleku hauek horri guztiari bide egiteko ere ahalbidetu nahi ditugu. Hortaz, metodologia parte hartzaile, autogestionatu eta irekia izango da. Ahalduntze bidean, guk geuk egin, esan eta gozatzeko dugun guztia partekatzea da helburu.

• Hizkuntza:

Udaleku feministak eta baita bertararteko bidea ere euskaraz izateko apustua egiten dugu; euskara, emakumeok bezala gutxitua da herri honetan eta guk, euskaraz izan nahi dugu feminista. Hori horrela, bai aurrelanketa zein udalekuetako eskaintza euskara hutsean izateko apustua egiten dugu; baina errealitate linguistiko ezberdinak kontuan hartuz, bertaratzen garen neskaren batek euskaraz ulertzeko edo adierazteko arazorik balu, ahalik eta parte hartze erosoena izateko bitartekoak eskainiko ditugu.